jueves, 7 de enero de 2016

Musikaren jatorria


Musika soinu-konbinazio edo -mintzaira da; soinuak giza organo fonatzaileek (ahots musika) edota horretarako diseinaturiko musika tresnek sortuak (musika instrumentala) dira, zibilizazio batetik bestera aldatzen diren printzipio teknikoen arabera landuak eta antolatuak.
Herri musikaren jatorria historiaurrean dugu. Segur aski, hasiera batean erlijioari oso estu loturik izango zen, eta eginkizun estetikoa baino areago magiko-sinbolikoa izango zuen. Musika mota hori talde etniko eta kultural guztiek dute, gehienbat ahozko tradizioz transmititzen da, eta bere garapenak eta eboluzioak bide desberdinak jarraitu dituzte zibilizazio bakoitzean, baina, betiere, teknikoki nahiz instrumentalki sinplea izaten da, eta gai jakin baten inguruan bariazioak inprobisatzeko aukera ematen du. Musika horren barruan sartzen dira, hasi tribu primitiboen abestietatik eta gaur egungo jazzeraino, herrialde desberdinetako folklorea eratzen duten manifestazio musikal guztietatik igarota.
Mendebaldean, musika jasoaren garapena Grezian eta Erroman hasi zen, eta handik Europa osora zabaldu zen, bi bide erabiliz: musika profanoa eta erlijiosoa. Azken hori, kristautasunaren hedapenari zuzenean lotua.
Gregoriar kantua VI. mendean sortu zen. Jarraian etorri zen, VII. mendean, polifonia (grekotik dator hitza, eta «ahots asko» esan nahi du). Pentagrama edo paper pautatuan musika idazteko modua XI. mendean asmatu zen. XII. mendeazgero, musika instrumentala polifonikoaren euskarritzat garrantzia hartzen hasi zen, eta gailurrera iritsi zen Palestrinaren eta Orlando di Lassoren (XVI. mendea) konposizioekin, Berpizkunde bete-betean.


Barrokoan (1600-1750), teknika berriak asmatu ziren, hala nola monodia lagundua, errezitatiboa eta baxu jarraitua. Aro hartan jaio zen opera ere. Bach eta Haendel bezalako maisuek musika polifonikoak lortua zuen perfekzioa erakutsi zuten.
Barrokoaren handitasun-aroaren ondoren, estilo galaitsuagoko musika edo rococoa etorri zen, ponpoxoago eta finagoa. Gero etorri zen haren ordezkoak, Vienako eskolak (1770-1830), sinfonia eta kamara musikaren hainbat forma bideratu zituen. Garai hartako musika sorkuntzako ahalmen handiaren erakusgarri bikain ditugu Haydn, Mozart eta Beethoven.


Erromantizismoko musikan (1830-1900) subjektibismoa, poesia eta irudimena ditugu. Schubertekin hasi zen aldi hark Wagner eta Liszt izango zituen gorenean, eta korronte nazionalista erromantikoak iristean amaitu zen.
XX. mendean, musikaren joera ohiko arau formalak eta konposizioarenak haustea izan da, atonalitatea eta dodekafonismoa bezalako joeren bidez. Estatu Batuetan jazza sortzearekin eta aurrerapen teknologikoekin, musika konkretua eta elektronikoa etorri ziren. 1950eko hamarkadan berrikuntza handiak izan ziren, eta disko jogailuaren eta irratiaren zabalkundeak maisu zahar eta konpositore berrien obrak hedatu zituzten mundu osoan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario